Gaur, plastiko kirats sarkorreko bagoiak lur azpian utzi du konturatu orduko; entretenigarria egin zaio bidaia, gazteen berbaldiari esker. Belarriak erne, hausnarrean hasi da bere bizitzan continuum bat izan den gai konplexu baten gainean. Zenbat ekinaldi bizi izan ditugu eusten. Oztopo lasterketa geldoak, hamaika. Zenbat lagun utzi ditugu bidertzean, ernegatuta, euskalduntzeak dakarren presioa ezin jasan. Alde egotetik, euskaratik alde egiteko aukera egin dute.
Zenbat orrialde zuri-beltz, higatutako berbaz beterik. Egitasmo, transmisio, aldeko jarrera, diagnostiko, sustapen, plangintza… Badirudi garai berria datorkigula, Euskaraldia. Hizkuntza ohiturak aldatzeko ahalegina, euskaldun pasiboak erakarri eta bizkortzeko asmoa… Atzera ere, oztopo lasterketa aldia ote? Lasterketa aldian, ezagutzaz eta gaitasunaz jantzita lehiatuko gara eta, ea sariren bat lortzeko aukera dugun. Bateraldia, elkarlana eta auzolana aipatu dute Euskaraldia aurkeztu digutenek; jakina, hori izan da beti batzuon oinarria eta entusiasmoa. Bat egin dutenerako… Gure laguna sormenaren lurraldean sartu da hausnarrean.