Gurariak

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Ruiz Larringan 2017ko ira. 29a, 08:30

Sentibera da, oso, hondamendi, gatazka eta, batez ere, gizon-emakumeon arteko indarkeriarekin. Sasoiotan dabilen haizeak, bada, ez dio mesederik egiten. Etxe barruan barreiatzen ari dela sumatzen du, pasillora, ezkaratzera…

Haize kutsatu gehiago sartu ez dakion, etxea ez aireztatzea erabaki du, larrialdia pasatu artean, behintzat. Alperrik, ondotxo daki, gaur egun, hari mehe edota espazioko sateliteen bitartez iritsi eta itsatsi ohi zaigula ia dena, zikina, ederra, hatsa, pozgarria, ernegua… Oraingoan, Mexikoko lurrikarek eta Karibe aldeko haizete izugarriek eragindako hondamendiak asaldatu du; militarren hizkuntza erabiltzen ari diren agintarien jarrerak kikildu du. Bata, klima aldaketari eta lurrari ematen diogun tratu txarrari egozten die, eta bestea, lurralde bat askatzeko adoreak sortzen duen berotze efektuari. Eta han dago, bunker bilakatu duen etxe barrutik irten barik.

Jasangaitza egiten zaio independentisten eta inperialista zapaltzaileen arteko gatazka, batzuen matxinada eta besteen indar armatuen erakustaldia. Jasanezina egiten zaio ikustea gure herriaren independentzia marrazteko tintarik gabeko boligrafoa erabiltzen dutela/dugula. Eta inbidiaz dago hurbil sentitzen dituen ekialdeko herriek ausardia erakutsi eta jakin dutelako tinta jario ederraz euren askatasunaren mapa marrazten.

Euskal bidea topatzen ari ei dira batzuk, eta iragan mendean sortutako GPS aurreratuak erabilita ere, oraindik galduta dabiltza noranzkoa ezin aurkitu.  

Gurariak gurari, GPSa eguneratu eta tintadun boligrafoa erabiltzen hasi arte, euskararen bidea dugu lehentasun.

Euskararen bidea da handia, eta dantzari dantza, Deshakespeareazioa da, kargak eta deskargak, paperezko txoriak, ezkatak; kolosala izango da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!