Lurrari lotuta

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Ruiz Larringan 2017ko eka. 16a, 08:30

Umeak kakatzan ortozik ibiltzen ziren leku horietako batean sortu zen. Eskolara ere ortozik joaten omen zen. Uda sasoian, arkatza eta zirriborroz betetako koadernoa bazterrean laga eta egunak igarotzen zituen goialdeko larretan, borda batean, aitonari ganadua gobernatzen laguntzen.

Hain zituen oinak lurrari atxikiak, ze, urte gutxitan, suster-zainak igarri zekizkiokeen oinazpietan. Ez zuen astirik izan, ordea, horrekin jabetzeko eta, konturatu orduko, halabeharrez, geure Durangaldera iritsi zen zementuaren loraldian. Laster hasi zitzaizkion oinazpiko susterrak idortu eta narrua gogortzen, gure herriak porlanez janzten zituzten sasoian. Orain, burua galtzen hasita dagoen arren, ondo gogoratzen ditu umezaroko pasarte batzuk, eta argi izan du beti nor den, nongoa, eta zergatik ibili den hamaika borrokatan sartuta.

Ordu luzeak ematen ditu zementuzko parkean eserita umeen olgeta eta joan-etorriei begira. Badago berdegunerik parkean, zementuaren gaineko lur faltsua, zuhaitzen susterrak lehertutako zoru lehor gogorra. Dio, dotore eraiki ditugula herriak, koloretsu, lehen baino erosoago ibiltzeko, berdeago. Ikuskera besterik ez. Zerua urratzen zuten garabien garaietatik paisaiagintza nagusi denekora igaro gara. Baina nago, identitatea galduta ari garela herriak merkaturatzen; lur faltsuan suster makalak. Oztopo barik, eroso, porlanak jandako identitatetik ari gara paisaiagintzan, kulturgintzan, herrigintzan. Lurra sentitzeko, proba dezagun lupetzan ortozik ibiltzen, agian horrela jabetuko gara nor garen, nongoak eta zergatik ibili behar dugun hamaika borrokatan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!