Udaberririk ankerrena iragartzeko kukurik ez, kikilduta, burdinazko makina hegalarien errautsek itota, hark ere ihes egin zuen. Harrezkero, kukua etorri zen bai, baina gure guraso eta aitita-amamei beste mundu bat gailentzen hasi zitzaien, halabeharrez, eta beren pentsamenduari eta unibertsoari ezin eutsiz, ezkutuan ibili behar izan zuten aurrerantzean.
Ale ederra bezain kezkagarria utzi digu Patxi Saez soziolinguistak bere blogean (www.patxisaez.eus/2017/03/euskararen-bizi-puskak).
Datuak datu, euskaldun gehienok erdara dugu etxeko hizkuntza eta gure izaera erdararen zoruaren gainean eraikitzen dugu. Hizkuntza/kultura guztiek dute unibertso sinbolikoa, pentsamenduaren sortzaile eta gordailu. Hori barik, “hizkuntza tresna hutsa da, komunikaziorako tresna mekaniko hutsa, arimarik gabea, nortasunik gabea”, dio gure soziolinguistak. Erabiliko bagenu, sikiera!
Euskararen herrian kukua ei da udaberriaren sinboloa. Atera naiz haren bila egunotan, kanpora, patrika bete intentzio; baina arrastorik ez. Zoruak eta soroak jorratu beharko ditugu, ordea, udaberria iritsiko delakoan. Badut esperantza, izan ere, “bizirauten espezialistak, bi buruko aktibistak, bihotzaren ilusionistak..., bidera atera gara, mundura atera gara…” Bagara batzuk.