Zaborrak bizigai

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Ruiz Larringan 2017ko ots. 10a, 08:30

Banoa etxe barruko epeletik, nagi, poltsak eskuetan, kalera. Ilun dago, argi horixkak gaua tindatzen du euri langarra lagun. Apenas igartzen dira joan-etorrian dabiltzanen aurpegierak…

Bizikleta zaharra dago alboko zuhaitzaren kontra, atzeko parrillan plastikozko kaxa bat lotuta duela. Esku batean linterna, bestearekin burdinazko tapa berdea zabaldu du. Kiratsak atzitu eta, lepotik oratuta, ontzi barrura makurrarazi du guztiz. Hankak dingilizka, makilatxo batekin baliatu da kirasdun poltsak eta bestelakoak bereizi eta miatzeko. Kamioiaren motorra eta haren sabel-orroak entzun ditugu, ez urrin;  baina ez da aztoratu.

Bisera batekin babesten du kaskoa, eta hura daroanetik, ahaztu egin zaio zerurantz begiratzen, han goian ezer gutxi topa bailezake, are gutxiago gauaren ilunean… Egunero ibiltzen da hara eta hona makilatxoa astintzen, eroso bizi garenon hondakinak bizigarri bilakatzen. Parrillara lotuta daroan kaxan sartu eta hurrengo zabor gunera joaten da, tapa berdea ireki, burua sartu, makilatxoa astindu…, eta hurrengora. Denon etxeetan sartzeko modua aurkitu du; inoiz, gure sekretu gordeenak topatu baititu usteletan. Oparo bizi garenon lohietan apur bat arakatu besterik ez, eta hatsak nor garen agerrarazten dio.

Ez da errefuxiatu siriarra, ez kurdua, ezta palestinarra ere… Gure ongizateak errefusetara bidali duen auzokideetako bat baino, zabor-ontzietako kiratsak itota bizitzera kondenatua, hori du patua. Dohain aparta du, ordea, gure sastarrak bizigai bihurtzeko gaitasun ikaragarria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!