Ibilbideak

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Ruiz Larringan 2016ko aza. 11a, 08:30

Luismarik ez daki ze egun den, urtaroaren izena ere ahaztu zaio. Baina badaki argitasuna gainbehera hasten denean, arropa gehiago jantzi behar duela.

Osteratxoa egiten du egunero ordu berean, leku beretik; errekondoa du gustuko. Eta unibertsoko jainkoaren showa mailarik gorenean dagoela, han doa bera, begiak ur-emariari josita, Mañaritik behera errekak dakarrenari. Haize ufadak astindua eman die errekondoko zuhaitzei eta hosto ahulak, etsita, ur kulunkarian pausatu dira, zurrunbiloan sartu-irten, eta atzera nabigatzera... Bistatik galdu arte egon da Luismari, geldi, haiei so hipnotizatuta.

Aspalditxoan, ibilbideak nahinon ditugu aipagai, egingarri, ikusgarri… Ugaritzen ari zaizkigu sorkuntzari, ondareari eta naturari lotutakoak, batez ere. Egundoko baliabidea kulturarekiko jakin-mina piztu eta asebetetzeko, jantziago egoteko. Zenbat eta ibilbide gehiago egin, orduan eta pozago. Izan ere, antolatzaileek, gehienetan, detaile guztiak ondo zainduta izaten dituzte interesatuok bidean bizitakoaz goza dezagun. Iragana eta oraina parean, bidelagunak ere parean, parekoa beste hainbat ekintza gozagarrietan ibilitako bera…

Luismarik ez du sekula horrelakoetan parte hartu. Ibilbide-orri bakarra du, letra txikiz eta labur idatzita datorkio, joan-etorria leku beretik, errekondotik. Ur biziaren zurrumurrua nahikoa du zortedun sentitzeko, ez baitaki zeri esaten zaion artea, historia, literatura… Pinondoko zubian geldialdia egin duen taldera batzeko esan diote, eskerrak eman eta paiten dantza artistikoei begira gelditu da, liluratuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!