Urrin dago ‘Próxima b’

Etxe ondoko ortuko gerizpean eserita, zirriborroa amaitzear. Zer marratzen ari den galdetu dio amamak lekak ureztatzen dituen bitartean. Erantzunik ez eta hurreratu zaionean, neskatilak esan dio zalantzak dituela propultsioko motorraz eta erregaiaz, urte luzeetako bidaia egin behar duela eta. Trajea josten eta kaskoa prestatzen dabil. Espazio-ontzi itxura hartu dio amamak eta nora joateko den galdetu dio. Isilunea.

Duela egun batzuk, berri ona izan dugu: Lurraren antzeko bizi-baldintzak izan litzakeen planeta aurkitu dute astronomoek. Próxima b izena eman diote eta eguzki-sistematik kanpoko orbita batean dabil jiraka. NASAko astrofisikariek baino poz handiagoa hartu du gure neskatilak, eta han eraiki gura du mundu berria, denok berdinak izango garen mundua. Gazteegia bada ere, iritzi ezkorra baitu gure Lur planeta ederraren kudeatzaileei buruz. Izan ere, entzungor egiten dizkiegu erraietatik bidaltzen ari zaizkigun mezu lazgarriei.

Bizi zantzurik badago, estralurtarrak izango direla argitu dio amamak, mangera eskuan duela. Próxima b hori hango izaki bizidunek osatutako mundua izanik, ez dela bidezkoa gure planetako gizonen zabarkeria hara eroatea. Mangera batu, tomateak eskuzarean sartu eta badoa amama soro ertzeko zidorretik atarterantz, pentsakor, espazioaz eta denboraz hausnartzen, bere esku zimurrei begira. Neskatila 40 bilioi kilometrotara dugun planeta berriko izakiei forma ematen geratu da gerizpean eserita, pentsakor. Trajea, erregaia eta distantzia ez dira, jadanik, garrantzitsuak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!