Hiri batzuek jasaten ari diren turismo oldeari buruzko artikulu interesgarria irakurri dut duela gutxi. Egileak, antropologiako doktoreak, tematiko bihurturiko eremu urbanoa aipatzen du. Turistentzat soilik omen den gezurretako herri/hiriei buruz ari da. Iruzurgiletzat hartzen ditu agentziak eta operadoreak, benetakoa faltsutu eta itxuraz aldatuta saltzen diete, askotan, bezeroei. Klonaturiko kasko historikoak nonahi, dekoratu historikoa, parodia eta karikatura berbak erabiltzen ditu.
Arriskuak arrisku, jende oldea hartuko du Durangok domekan. Tartean, bisitariz jantzitzako bat baino gehiago ere bai; beharbada, planoa eskuetan, turista sindromeak jota operadoreak saldutakoaren bila dabiltzala. Dena ondo seinaleztatuta, kartelak, noranzkoak eta abarrekoak, galdu ez gaitezen, ezagutu dagigun, ohartu gaitezen gaurkoa ez dela gezurretakoa, ez dela parke tematikoa edota herri museifikatua, euskaldun izan/egin gura duen herri bizia baizik. Gunetik gunera, barrutik barrurako urratsa eginez, gozatu dagigun, bada, elkar ezagutuz, eraikiz, jolastuz, sortuz, heziz, dastatuz, transmitituz… Domeka egun desberdina izango da egiazko herri batean.