Arrakalak

Gazteago zenean, geuretik alde egin eta beste eskualde batean errefuxiatu zen. Gorputz meharra du. Umetan, uda partean, arrastiko bero zaparen ostean, sarri ibiltzen ginen auzoko landetan elkarrekin amaraunak topatu eta armiarma hanka luzeei begira euli, matxinsalto edo antzekoak zelan hartzen zituzten preso. Hezur gabekoen hura hil ala biziko borroka zen amaraunean itsatsita ez gelditzeko. Bildu, ziztada eman eta bertan momifikatzen ziren barrunbeko isuriak hustuta.

Txantxetan esan diot momia haien antza duela. Barre egin du. Gure mundu txikian gertatzen ari direnei errepasoa emateko asmotan hasi naiz berbetan. Berera eroan nau. Aitortu dit kartzelan egon zenean baino presoago sentitzen dela orain; zeruertzik ez, eta haren lekuan hormigoizko harresi sendoa ikusten duela txarrantxen ugerrak uzten dituen orbainez beterik. Arrakalak leherkariz baino ezin egin dakizkiokeen horietakoa da hormatzarra. Eztanda eraginez suntsitu nahi luke, zartatu; eta barrena lehergaiz beterik baduen arren, negar anpuluek matrailetan behera utzitako hondar hezeak indargabetu egiten du haren ahala.

Maitatuago, askeago, kementsuago sentitzen zen han barruan, izan ere, bazuen atsekabeak norekin konpartitu. Kanpoaldeko sarean itsatsita gelditu zenetik, ostera, iraganeko orbainak inoiz baino nabarmenago ageri zaizkio. Ikusle hutsak baino ez ditu sumatzen inguruan. Erantzukizun handiegia da berarentzat  familia, lana eta enparauek dakarkiotena, eta horiei buruz aritu gara autobusera igo duen arte.   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!