Arnasestuka iritsi da etxeko atarte ingurura, blai. Pultsometroari begiratu dio datu pozgarriak erakutsiko dizkiolakoan; tira. Hustu egin da, bukatu egin da ihesaldi obsesiboa; zeraman zama astunetik libre sentitu da orain, bere mundu txikian diren buru-hauste behinenak, isuritako izerdiaz batera ezabatu izan balira bezala. Gorputzari emandako astindutik bere onera itzuli denean, ordenagailuko aplikazioan konektatu du neurgailua korrikaldiaren grafikoak ikusi eta aztertzeko. Kontxo!, indarrean nabil, bere artean. Mugikor keinukariak alabaren andereñoarekin batzarra zuela gogorarazi dio; pena ezin joan izana.