Elkarrekin bizirautea

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Ruiz Larringan 2015ko urr. 30a, 08:30

Apur bat badakiela eta euskara hobeto ikasi gura duela agertu da, bere ondasun guztiak plastikozko poltsa bitan sartuta. Sahara bere herrialdearen edertasunak aipatzeaz batera,  nire alboan jarrita eta googleko mapa pantailan, berriketan hasi da bere sorlekuari buruz: lekuen lilurak goraipatu, irudiak erakutsi, azaldu…


Marokoarren okupazio bidegabea aipatzean, ernegatu egin da. Tinduf eta hango hondamendiaz berba bat ere ez. Eta segitu du…, umetan aitak uretara bota zuela uger egiten ikas zezan, itsas ondoan bizirauteko urarekiko atxikimendua saihestezina baita. Gogorarazi zion amaren sabelean bederatzi hilabete beratzen egon ondoren jaio zela. Hartara, arrainetik ere zerbait badugula, eta azala ezkatak bihurtuz joan zitzaion. Hala kontatzen du.

Eta apurka, itsasotik halabeharrez urrundu zen arren, ezkatak gero eta itsatsiago, gero eta gogorrago; izan ere, lurretik narrasean ibiltzea kondenatu baitzuten gaur egun lurralderik ez duen bere herri/kultura sakabanatua. Errefuxiatuen bizilekuetako hondamenaz, ostera, hitz bat ere ez. Izena eman du euskara ikasteko. Ez dauka mugikorrik eta aste bi barru itzuliko da ikastalderik duen jakiteko.

Gure inguruko ekosistema eta euskara izan ditugu mintzagai, askoren artean, egunotan prestakuntza jardunaldi batean. Elkarrekin bizirauteko sistemaren osagai guztiak kontuan hartzea ei da gakoa. Ea asmatzen dugun. Edozelan ere, batzuk EGAk zertarako balio duen eztabaidan galtzen diren bitartean, ez ahaztu bestetzuk narrastien azala garatzen ari direla.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!