Trena izan da oporraldian gehien erabili dudan garraiobidea, tren urdina, gorria, lurpekoa, turistentzakoa, parke tematikoetakoa… Irudi eta gogorapen asko ekarri dizkidate geltoki beteak, bagoi barruko usainak, alboan jarri zaidanak... Tuneletik igaro garenean, filmetako zuri-beltzezko agur hunkigarrienak eta samurrenak haluzinazio gisa ageri zaizkit leihoan.
Lur azpira kondenatu zuten Durangon, eta tunelean sartu ezik, ahaztu egiten dugu hor dagoela, nonahikoa izan dela beti. Trena herrietako memoriaren protagonista handienetakoa da, garrantzitsua. Denboran urrun joan beharrik ez dago, kontzentrazio eremura andreak eta gizonak, preso, ganadua balitz bezala gainezka zihoazen tren ugerrak denon oroimenean baitaude.
Siriarren exodoaren irudi lazgarriak ari dira zabaltzen hedabideak egunotan; batean, txalo artean hartu dituzte, geltokian, ahituta datozen errefuxiatuak. Jan-edanak banatu dizkiete, arnasa eman. Bestean, geldiarazi egin dituzte, tunela luzeago, ilunago bihurtuz… Beste batean, gizon bat ageri da bagoi urdinaren leihoan, begirada hara eta hona, bere seme-alabak eta emaztea topatu guran. Arrastorik ez. Banantzeak eragindako ximur-keinu tristetik malkoak darizkio… Abiatu da aire girotua isiotuta daroan tren urdina, eta ilunean desagertu da esperantzarako geltokiaren bila; tunelak aho bakarra du, ordea.