Neskato bati bere herrian hautatu dituzten agintariak eta haien eginkizuna irudikatuko lituzkeen galdetu diote, aldatzearen beharraz. Eta egin du, marrazki ederra atera zaio, Gozogileak izenburua ipini dio, eta pastel egile itxurako lantaldea osatu du. Harrigarria da zein zehatz irudikatu dituen pasteltxoak, bakoitzari izen bat ipini baitio, eta labea, orea eta eskuak ere nabarmendu ditu kolore bizien bidez. Baina bitxiena izan da ertz batean marraztu dituen aho zabal handi gosetuak.
Labeak eta gainontzeko tresneria prest dute. Sukaldari finak direla dirudi, batzuk beste batzuk baino gehiago; trebeak… ez dakit ba, hasiberriak ere badira zenbait. Mise en place delakoa garrantzitsua dela esaten dute maisuek. Osagaiak eta prestatu beharrekoa egoki aurreikustea funtsezko dohaina da emaitza ona izan dadin. Zerbitzatzeko moduak biribilduko luke eginkizuna.
Alabaina, kezka eragiten didatenak aho zabal handi gosetu horiek dira, jakia eman diezaioten itxaroten daudenak, mamitsu eta gozo-gozo hartzeko irrikan, geldirik eta goseti, eta, halaber, jakitun ondo mamurtuta emango zaiela dena.
Gozogile hautatu berriei zorterik onena opa dizuet; pastel gozo eta mamitsuak egiteaz gain, izan bedi herritar guztion gosea asetzeko lain.