Erdahalduntzen

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Ruiz Larringan 2015ko mar. 13a, 08:30

Neguaren gordinena iritsi baino lehenago, iritzi interesgarria irakurri nion Pako Aristiri. Preso politikoen gaiaz ziharduen, urtero Bilbon egiten den manifestazio handiaren harira. Zalantza agertzen zuen manifestazioen eredu zaharkituaz, mediatizazioaz eta eraginaz. “Etsairi gure beharrak zeintzuk diren erakustea modu anti-estrategikoa” ez ote den galdetzen zuen. Helburuak lortzeari begira ere ekimen ahula omen, eta hain ozen aldarrikatu barik, isil eta etengabeko ekin ezkutuagoa izatea proposatzen zuen, adibidez.


Ez dira alderagarriak presoen korapiloa eta euskararena, baina eman zidan zer pentsa, erantzun zaileko galdera nahaspila buruan.

Euskararen aldeko manifestazio handi bat dugu ate joka. 1980an egin zen lehena Zuk ere esan bai euskarari lelopean. Harrezkero, 35 urte igaro ditugu arineketan, geldo-geldo, hizkuntzaren gaia lasai hartu behar delakoan. Hobe urrats txiki sendoak, handi ahulak baino entzun eta esaten genuen. Bide eta errepide luzeak busti ditugu, geldo-geldo, oinez, korrika…  

Urte asko daroagu aldarrikapen, azterketa, mintegi, plan estrategiko, lankidetza eta ez dakit zenbat erakustaldi egiten euskararen egoera hobetzeko aitzakian. Lan eskerga egin dugu, kilokaloria eta neurona mordoa erre ditugu. Baina ni, Marmotaren eguna filmeko protagonistaren antzera, egunero esnatzen nau musika berberak. Kalera irten eta sentipen mikatzak asaldatzen nau euskararen denbora izoztu delakoan, erdahalduntzen ari garelakoan.  

Inbidia diet elebakarrei, ez dute jabetze prozesurik behar, ezta hautatu beharrik ere. Erdal hiztunak ahaldun dira, gu, euskaldun elebidunok, menpean izateko eta menpean iraunarazteko, estrategia barik.

Beste musika baten esperoan jaikiko naiz bihar, zapatilak eta petoa prest.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!