Krisiaren onurak

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Ruiz Larringan 2014ko abe. 12a, 08:30

Hotzari beldurrik ez eta, berunezko zerupean, etxe ondoko kale kantoian gelditu dira berbetan, umeei eskolako ateraino lagundu ostean. Sarri ikusten ditut han. Lehen tabernara joaten ziren kafe baten aitzakian. Aldamenetik pasatzean, belarriak erne, “kokoteraino nago garaiotako abade itxurako eskale modernoekin, etxe barruraino sartzen zaizkigu euren panfletoekin…”. Kito. Hortik aurrerakoak neuk igarri behar. Zaila. Eta ondokoa otu zait. Bati baino gehiagori egiten zaio gogaikarri udazkenak neguarekin bat egiten duen sasoi hau.

 Behar batek edo besteak eragindako eskekoen desfile etengabea izaten da pasarela ezin atonduagoan. Bihozberatzeko-edo, kaleak eta bazterrak dotore janzten dizkigute, estetika ezagun/onartu bat nagusitzen zaigu, nahitaez. Poziktibity (pozik+positivity+activity) ekimenaren eran aurkezten digute, argitsu, koloretsu, baikor, jai giroan... Jarrera aldarazteko proposamen errespetagarria bezain lotsabakoa.
Bestalde, gizartean ditugun arazoak direla-eta, inoiz baino elkartuago ari garela dirudi, bai arlo eta helburu batzuetan, behintzat: ugarituz doaz eztabaida foroak, gogoetarako guneak, auzolanerako eta proiektuei laguntzeko deiak… Bolada txarrari aurre egiteko ekimen solidarioak ere nonahi ikus ditzakegu. Krisiaren onurak; betiko bitez!

Iruzkina: 2015ean Eusko Jaurlaritzak 6,6 milioi euro gastatuko ditu langile publikoak euskalduntzeko. Euskararen Legea 1982an onartu zen; lehen plangintza 1990-1995 epealdian egin zen honako helburuagaz: “Administrazioko langileak arian-arian gaitzea, bi hizkuntza ofizialetan jarduteko”. Krisiaren hanturak?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!