Atzera-aurrera batzuk egin ostean, badirudi lortu duela, eta irribarre egin dio lagunari. Gero aterpera sartu da alboko parafernalia betikotzeko, erakusketa egin behar baitu bere herrialdeko ez dakit nongo galerian. Taldeko gidariari Euskal presoak Euskal Herrira hitzek zer esan gura duten galdetu dio; argazki oinerako izenburu bitxia begitandu zaio.
Txorizoa
Egunaren hondarrean, lagunartean, tabernan, nekeak bazter batera beharturik. Lagunetako bat barrara hurreratu da; alboan, pintxoei begira daude algara batean andrazko bi; batak besteari Cervantesen hizkuntzan: “Txorizo tx-egaz, hau barregarria, beste chorizo klasetik bereizteko agian? ”.
Txosnafobia
Hiri zaharra etsaien oldarraldietatik babesten zuen harresitik kanpoaldean kanpatuta daudela dirudi, eraso egiteko prest. Aztarnak baino ez, ordea; ez harresirik, ez muga-marra nabarmenik, nork bere buruari jartzen diona baino. Asko dira txosna berba aipatze hutsaz gaixotzen direnak, beste askok nahita saihesten dute. Gunea zapaltzeak oinetakoak zikintzeaz gain, batek daki bestelako kalterik ekar lezakeen. San Agustin parean Alde hemendik kartela ikusi du aitak; alabari esan dio hor zikinkeria eta zarata baino ez dagoela. Eskutik oratu, buelta eman, eta zezenketara gonbidatu du.