Eguratsak belzturiko azala zuritutakoan, kamisetari igurtzi batzuk eman, eta eguzkitan ipini du. Santa Ana plazan entzierroan dabiltza umeak, batzuk lepoko zapi gorritik behera dardarka, beste batzuk zirikatzaile. Haien pozari erreparatu eta, distantzian, hara zuzendu ditu begiak. Zezenak ukuiluratu direnean, ondasunak batu, eta erreka ondoko arbolapean etzan da hostoen itzalak aurpegian dantzari.
Lagunarekin nago Pinondon eserita, barealdia. Estetika aldatu da: jendea dendetan terrazetan bezain luze, praka motzak, tirantedun kamisetak, txankletak, umeen algarak… Bere herrialdean ere antzera bizi dute udaldia. Feliceri agenda ia hutsik ageri zaio, ez dago ohituta. Udaldia gozatzeko sasoia da, ikasturteko proiektuak, lanak, konpromisoak zeharo baztertu barik, alde batera uzteko unea; hori du buruan. Hala ere, jasanezina egiten zaio agenda zuri ikustea, koloreztatzeko beharra du. Bestalde, mugikorra eta sarearen bidezko kanal guztiak zabalik ditu, munduan zer gerta ere. Noraezean dabil, artega, agenda bete ezinean, ohituta baitago den-dena antolatuegi izaten, dena erosten... Ikusle hutsa izateak errudun sentiarazten du.
Lagunekin jarduteak agendako zeregin inportanteenetakoa beharko lukeela esan diot. Inbidiaz begiratu dio akazi azpian etzanda dagoen erromesari. Hura altxatu egin da, bere motxilatik agenda atera eta idazten hasi da.