Noren esku

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Ruiz Larringan 2014ko urt. 31a, 08:00

Lagun italiarrak bisita egin digu Gabonetako oporraldia aprobetxatuta. Aurten Alto Adigioko Bolzenen egokitu zaio eskolak ematea. Ofizialak diren hizkuntza bietan ikasteko aukera dute ikasleek, batean edo bestean. Biak indartsu, bizikide. Mestizajea baden arren, nork bere identitatea du nabarmen. Hemen ez bezala, argi dute nor diren eta nor izan gura duten, kasu gehienetan behintzat.

 

Badirudi euskaldunok langabezian zaudetela nahita, eginkizun barik, motibazio barik; subsidioa kobratuta eroso bizi zarete, bota du hiruzpalau trago hartu ostean. Nagia, lan nekeza, pizgarririk eza… Erosotasuna edo erosokeria? Uste zuen talde bereizi bateko kide sentitze hutsak mugiaraziko gintuela… Alto Adigioko italiarrek eta alemanek ez dute motibaziorik behar direnak izateko, identitatea ondo itsatsita daramate odolean, kultura menderatzaileak baitira, hor aldea. 

Motibatua izateak arriskua dakar, erabakiak hartzea, bizitzaren arloren bat aldatzeko nahia dago... Borroka bizian ari gara geure buruekin, arrakastaren bila barik, porrota saihestu nahian.

Gogoeta interesgarria utzi zigun duela aste bi Andonik Lau Hortzan. Boteretsuek baliabide eraginkorrak jarri dituzte gure kultura txiki ederra gutxiesteko, guk geuk ere arbuiatzeraino. Izaera setati eta ekimentsuak eredu bilakatu omen gaitu, ordea, munduan. Eta, hala ere, etxean ez dugu asmatu identitatea zer den ondo transmititzen.  

Mugiarazten gaituen erakustaldi ederrak ikusten ari gara aspaldi honetan. Beste bat ere bidean da, gure esku dago, eta euskara noren esku utziko dugu? 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!