Orrialde asko bete ditu joan den astean albiste batek, egunkari digital zein paperezkoetan, elkartasun eta erresistentzia ekimen interesgarri baten karietara. Irudi, soinu eta txioek, ehunka, milaka, bazter guztiak bete dituzte gorrenari ere tinpanoak zulatzeraino.
Jakin-min handia eta nolabaiteko entusiasmoa piztu duen arren, hemengo gai eta egoera soziopolitikoarekin etsita dagoela entzun diot anbulatorioko ilaran gaudela. Berbetan segitu dugu eta, itxaroteaz gogaituta, kafe bat hartzera abiatu gara.
Hantxe aitortu du, gazteak esnatu eta ernatu direla dirudi, aro berri baten atarian egon gaitezkeela aipatu dute askok, baikortasunik ez horratio. Horren harira, atzerriratu zen poeta ekarri du gogora; hark dioen lez, denok bizi gara kartzelan, horixe baita gizarte eredu hau; aldea da batzuenak leihoak dituela eta, beste batzuenak, ordea, ez. Esan diot leihoa duten horietara eguzki izpiak sartzen direla noiz edo behin, eta horixe gertatu dela egunotan, eta asko lagun dezakeela leihorik ez duten beste espetxe horiei argia eta haizea sartzeko zuloa egiten.
Lagunak uste du aldebakarretik datozen mugimenduak argi izpi ahulak direla, nekez zulotuko dituztela harritzarrak eta, lehenik eta behin, bizilagunen artean urteetan eraiki dugun hormatzarra eraitsi beharko genukeela. Gertakizunari balio estetiko handia ikusten dio, emozioak piztu dituela dio. Bidegabekerien kontra borrokan jardundakoa da bera, baina akituta dago. Berarentzat, gaur egun, benetako askegunea literatura dela entzun diot, babesleku eta iheslekua ere hor topatzen duela eta leihodun espetxean bizitzen laguntzen diola. Desobedientzia, erresistentzia, matxinada..., berba ederrak, kontzeptu zaharrak, bere erara egokitu ditu.