Hirurak aldera abiatu naiz lanerantz alde zaharretik. Kalean lau katu. Aurreko egunetako euri jasa eta haize boladek garbi-garbi utzi dituzte bazterrak. Badirudi bizidunak ere garbitu dituztela. Mañaria errekaren ur-emari uher handiak errekarriak pilatu ditu, indarrez, ibilguaren alde batera Pinondoko presagainean.
Ate ondoan, emakume batek Stop Desahucios kolektiboak egoitza non duen badakidan galdetu dit. Baztertu batzuek badutela Pinondon egoitza erantzun diot, baina etxegabetuen berririk ez. Barrenak husteko gogoa antzeman diot eta, belarriak erne, entzun dut. Gero, indarraz jardun dugu, indarbideez eta indarzaleez. Indarrez bidali gaituzte lan bila faroletara, zuhaitz enborretara, hormetara, atarietara; indarrez bota gaituzte-eta lanetik. Ordaindu ezin dugulako, indarrez etxea kendu eta kalean utzi gaituzte. Indarrez suntsitu gura dute hainbeste esfortzu, eztabaida eta haserre eragin digun hezkuntza sistema hobegarria.
Esaera zaharrak dio "Indarrak agintzen duenean, legea isilik". Baina badaezpada hobe biak izatea, indarzaleentzako baliabide bikaina baita legea. Adoreaz eta indarraz segitu dugu. Seaskaren kemena goraipatu du emakume berbatsuak; esan du Iparraldean euskal kulturaren transmisore eta eragile indartsua dela. Lege zaharkituari irmo erantzun diote. Kasketa kendu eta euskal boneta jartzeko iradoki diote Baionako suprefetari, inauteriak bete-betean. Hemen, geure Durangaldean, euskal bonetadun asko ageri zaigun arren, bakoitzak bere astoari arre egiten bizi gara, ondokoaren gurdiak dakarrenari begiratu barik. Nork bereari bai, jakina, baina besteenari ere begiratu beharko diogu eraikitzen ari garen etxetik, indarrez, bota gaitzaten ez badugu gura.