Australian hasi eta Txilerainoko mapa tartean bizi direnek eguzki eklipse osoa ikusi ahal izan dute joan den astean. Aborigenentzat eguzkiaren eta ilargiaren arteko maitasun istorioa da. Yhi eguzkia, Bahloo ilargiaz maiteminduta, atzetik dabil; eta hura ihesean. Gorputzarrek bat egin dute, ilundu egin du eta lurra hoztu. Yhiren suak, ordea, Bahloo urtu du eta badoa… Epeltzen hasi da.
Zeruari begira bizi ei dira Australiako aborigen puruenak, behatze horri esker hainbat ezagutza praktiko ateratzen baitute egunerokoari aurre egiteko. Sendabide asko bila ditzakete ortziari behatu eta bertan idatzitakoa legetzat hartuta. Halaber, errespetua erakusten diote Ama Lurrari, badakite-eta han sortu direla eta han topatuko dutela bizigai, babes eta atseden…
Gu ordea, Lurra planetatik urrun, pantaila baten barruan bizi gara, haren menpe, makinatxo horren mekanismoen kapritxoetara lotuta; gure mundua han barruan dago ia osorik, gero eta gehiago. Lurrik, haizerik, urik, surik dagoen ere ez gara konturatzen, ez bada txakur-korotza gure oinetakoari itsatsita gelditu dela. Orduan bai su eta haize astindua eta, gero, lurra eta ura…
Herriko paisaia aldatzen ari zaigu, jasanezina egiten zait ikustea gazte eta heldu koadrilak denak begiak pantailari josita, atzamarrak dantzan hizki eta zenbaki artean, erabat harrapatuta berbak osatu guran edo batek jakin zertan.
Gure kaleetako paisaia aldatzen ari da, adarrak soiltzen, jendea bakartzen. Lagunartean garela, urlia makinatxoari zorriak kentzen dabil; sandia “barkatu, WhatsAppa bidali didate” marmarrean, eta berendia Googlen ez dakit zein partida noiz den begira. Jasanezina. Maitasun istorio gabeko erabateko eklipsea. Aborigenengandik zerbait ikasi gura eta zeruari begira nago, hango konstelazioetako hizkuntzan zer ulertzen dudan. Utopia batzuk sumatu ditut: auzolana, boluntarismoa, parte-hartzea, elkartasuna eta besteren bat.
Aitor dezadan, ahaztu orduko, eklipsearen berri pantailadun makinatxo baten bidez izan dut.