Agian

Beti egin zait gogorra ikasturte hasiera, badago-eta aztoratuta ibiltzeko motiborik. Postontziak gainezka, txapazkoa zein elektronikoa

\"\"Beti egin zait gogorra ikasturte hasiera, badago-eta aztoratuta ibiltzeko motiborik. Postontziak gainezka, txapazkoa zein elektronikoa.

 

Berria hartu eta Egon Schiele margolarien artelana ikusi dut azalean. Biluzik ageri da gizonaren gorputz ikaragarri meharra. Artistaren obra XX. mendeko lehen hamarkadan hondoratzen hasitako Austriako gizartearen erakusgarria ei da. Buruari  atsedenik ez, eta itolarria eragin dit pentsamendu kaotikoak; sasoiko paranoiak?  
Duela urte batzuk euskara saltzeko teknikak ikasi genituen, produktu bat balitz bezala aurkeztu behar baitzitzaion ‘bezeroari’, euskarara hurreratzen zen orori, balizko erosleari. Inportantea zen hizkuntzak duen balio erantsia erakustea eta, marketin teknikak erabiliz, produktua erakargarri aurkeztea. Merkatuan sartu genuen hizkuntza. Esloganak eta diseinu dotoreak sortzen hasi ginen, atsegin egiten, gozamenarekin lotzen…

 

Nago, energia asko xahutzeaz gain, agian, merkatari huts bilakatu ginela, ahaztu egin zitzaigula euskara ideologia bat dela, bizitzeko modu bat dakarrela, eta produktu soil moduan aurkezteak zenbait arrisku dituela haren beharrik sentitzen ez bada. Eta beharrik dagoenean, ostera, soberan daude eslogan, kanpaina eta abarrekoak.

 

Atzera itobeharra, berriro etorri baitzait gizon gorputz desitxuratuaren irudia. Eman didaten pegatinak lagundu dit atakatik irteten: Guka eta “euskaraz, lehenengo pertsonan, pluralean” ikus daiteke idatzita. Euskaltegiek matrikulazio kanpainetan erabilitakoen antzeko eslogana dela begitandu zait. Zer den azaldu didate. Harremanak euskaraz izan gura ditugun pertsona izendunak garela beste edozeren gainetik. Eta bizitzeko modu horretara batzeko gonbita jaso dut.

 

Esloganak eslogan, Gu eta Ka elkarketari iradokitzailea deritzot. Modua adierazten du atzizkiak, banatzailea ere bada eta, bitxikeria moduan, Egiptoko mitologian Ka bizi indarra da, giza izpirituaren osagai bat, bizitzaren printzipio unibertsal eta hilezkorraren zatitxo bat. Euskaldunon izaeraren osagaietako bat? 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!