Errotonda

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Ruiz Larringan 2012ko uzt. 13a, 10:16

Iritsi berri da Italiatik. Gogokoa du lehen egunak lasai igarotzea, itsasoa eta gure inguruetako berdea ditu gustukoen. Pare bat urte izango dira azkenekoz hemen izan zela. Loiutik hona autoan etorri da eta, atzoko kontua ez bada ere, atentzioa eman dio honaino ailegatzeko horrenbeste errotondatatik bueltaka ibili behar izateak

\"\"Iritsi berri da Italiatik. Gogokoa du lehen egunak lasai igarotzea, itsasoa eta gure inguruetako berdea ditu gustukoen. Pare bat urte izango dira azkenekoz hemen izan zela. Loiutik hona autoan etorri da eta, atzoko kontua ez bada ere, atentzioa eman dio honaino ailegatzeko horrenbeste errotondatatik bueltaka ibili behar izateak.

 

Trafikoa bideratzeko asmakizun  aparta, neure artean, istripuak izateko arriskua gutxitzen du, abiadura motelarazi, norabidea aldatzeko balio du, galduta joanez gero norabidea topatzen lagun dezake… Bestalde, gero eta dotoreagoak diseinatzen dituzte, lore, landare eta zuhaixkekin jantzita.

 

Hemengo berriei gertu-gertutik jarraitzen die Felicek eta, terrazan eseri bezain laster, euskararen erabilera dela-eta, egunotan argitaratu diren azken neurketaren datuak izan ditu hizpide. Ez naiz euskarari buruz lanetik kanpo berba egiteko zalea, baina tira… Errotonden haritik tiraka segitu du lagun italiarrak eta, neure burutazioak irakurri izan balitu legez, biribilgune ezin egokiagoak eta apainak deritze euskara normalizatzeko jarri dizkiguten (ditugun) baliabideei. Norabidea markatzen dituen bide-seinaleei esker, mantsoago edo azkarrago, badugu nondik jo.

 

Galdurik ibiliz gero, pare bat buelta eman eta seguru da irtenbidea topatuko duguna. Asko dugu, haatik, ez dakigu nor garen eta nor nahi dugun izan. 1993az geroztik, ez atzera ez aurrera dago euskararen erabilera Bizkaian. Kezkatzekoa baita “egungo baldintza soziolinguistikoekin euskararen erabilerak goia jo duela” entzutea. Ikerketaren arabera, umeak eta emakumeak dira erabileraren salbatzaile…

 

Erantzun diot biribilguneak baditugula bai, baina horiek ez dutela dena aldeko; bide-seinalerik ezean, bueltak eta bueltak eman eta, sarri gogaituta, ezinean ari garela norabide zuzena bilatzen. Jira-biren zorabioan, eskerrak, tarteka-marteka, gozaturen bat ematen digun errotonden erdigunean apaingarri dauden lora eta landaretza ederrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!