Plaza bizikletaz eta umez beterik

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga

Zutabe honetan, ilusio handia egin didan ekimen baten kronika egin nahi dizuet. Hain ondo irten zen, hain harrera ona izan zuen ze, oraindik buruan bueltaka dabilkidan zerbait dela. 

Orain  hiru asteburu, Eneicat taldea ekimenaren gidari zela, Bizikleta Solidarioa egin genuen Durangon, mugikortasunari lotutako ekimenen barruan. Helburua umeen garraio eredu jasangarri eta osasuntsua sustatzea zen. Ikastetxeetara jo genuen. Deialdia Durangoko hiru-lau ikastetxetan zabaldu genuen. Pozik jaso zuten gure eskaintza. Orduan, beste ikastetxe batzuk gurekin hartu-emanetan jarri ziren eta ez herrikoak bakarrik, baita Durangotik kanpokoak ere. Eurek ere ekimenean parte hartu gura zuten. Azkenean, 15 ikastetxetako ia 500 umerekin bete genuen Ezkurdi plaza. Antolaketan genbiltzan denontzat erronka bat izan zen, ez baitzen edozer gauza hura dena behar zen moduan kudeatzea, baina oraintxe sinatuko nuke erronka denak horrelakoak izatea! Momentu baten, zurrunbilotik irten, plazako izkina batera joan eta distantziatik aurrean nuen koadroari begira-begira geratu nintzen. Ahaztuko ez dudan irudia da. 

Ekimenak izaera solidarioa izan zuen. Batutako diru guztia La Cuadri del Hospi elkartera bideratu genuen. Elkartea Gurutzetako ospitaleko Pediatriako Onkologia Unitatean minbizia duten edo izan duten umeen gurasoek osatzen dute. Elkarteko kideek azaldu ziguten ekimenaren bidez jasotako 5.000 euroak honetarako bideratuko dituztela: minbizia duten umeengan kirolak dituen onurak ikertzera. 

Hori guztia kontuan hartuta, datorren urtean ekimenari jarraipena ematen saiatuko gara. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!