Azken urteotan ikusi dugu talentua toki askotatik etor daitekeela. Horren adibide da Paula Blasi. Triatloitik iritsi zen txirrindularitzara eta bi urte eskasetan Espainiako Vueltako garaile bihurtu da. Horrek erakusten du gaur egungo txirrindularitzak, batez ere, kirolariak behar dituela,: ikasteko, lan egiteko eta hobetzeko gogoa duten pertsonak.
Lerro hauek idazten ari naizen bitartean, Kolonbian nago hainbat gazterekin. Lehiaketatik harago, mundua ezagutzeko aukera da hau: beste kultura batzuk, beste errealitate batzuk eta beste bizipen batzuk. Bidaiak ere hezi egiten du. Profesional izatera heldu ala ez, kirolak bizitza osorako balioko duten balioak eskaintzen ditu: diziplina, konpromisoa, errespetua eta norbere burua gainditzeko gaitasuna.
Azken batean, kirola ez da soilik garaipenak edo dominak lortzea. Esperientziak pilatzea, pertsona gisa haztea eta bidean ikastea ere bada. Horregatik, ate bat ixten denean, ez dut porrotik ikusten. Aukera berriak ikusten ditut. Izan ere, askotan, ixten den ate bakoitzeko beste bost zabaltzen dira.