Etxetik hurbilago

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2026ko otsailaren 20a

Aurten erabaki bat hartu behar izan dugu Eneicat taldean: kategoriaz jaitsi gara. Ez gara gehiago Continental profesional taldea. Maila horretan mantentzeko behar den finantziazioari aurre egitea bideraezina bihurtu da guretzat, eta estatuan ezartzen diren baldintzak gehiegi izan dira gure errealitaterako. 

Halako erabakiek beti uzten dute zapore gazi-gozoa. Alde batetik, urteetan egindako lanari eta ametsei lotutako maila bat uzten duzu atzean. Bestetik, ordea, egia da urte askotan lehenengoz arnasa apur bat lasai hartzeko modua dudala. Pistoia apur bat jaitsi dut. Erritmoa moteldu.

Denbora konturatu barik doa. Egutegiak, bidaiek, presioak eta exijentziak egunerokoa jaten dute. Halako batean, konturatzen zara gero eta arreta handiagoa jartzen duzula galtzen den horretan: nire alabarekin denbora gehiago pasatzea, etxekoekin lasai egotea… Osasunak ere eskertuko du geldialdi txiki hau. Batzuetan, atzerapausoak aurrera begiratzeko balio du. Umeen artean txirrindularitza sustatzeko akademiarekin betiko moduan jarraituko dugu. Hor dago gure oinarria. Martxoaren 5ean eta 6an Traña-Matienako eta Abadiñoko ikastetxeetako 5. eta 6. mailako gaztetxoekin martxa bat egingo dugu, txirrindularitzarako zaletasuna sustatzeko asmoz. Etxetik hurbilago ibiliko naiz aurten, eta horrek aukera emango dit harreman hori estuago lantzeko.

Gainera, akademiaren bidez triatloi taldeekin elkarlanean hasteko asmoa dugu. Badakigu triatloian bizikleta funtsezko espezialitatea dela, eta gazte askok potentzial handia dutela arlo horretan. Orain arte, euren lizentziarekin ez zuten erraztasunik ziklismoko lasterketetan parte hartzeko; aurrerantzean, gure lizentziaren bidez atea irekiko diegu. Horrela, espezialitate honetan lehiatu eta hobetzeko aukera izango dute, diziplinen arteko zubiak eraikiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!