Sarritan aipatu dut txirrindularitzan berdintasunaren alde pausoak eman direla, bai, baina oraindik lan handia dagoela egiteko. Egunero errepidean gabiltzanok ondo dakigu hori, geure begiekin ikusten dugulako. Egoera jakinarazten eta gauzak aldatzen saiatzen gara, baina ahalegin handia egin beharra dago pauso txiki bat emateko. Hori baino gehiago nahi eta merezi dugula iruditzen zait. Txirrindularitza txirrindulariek, taldeek eta euren inguruan dabiltzanek egiten dute. Egunero hor lanean gabiltzanon ekarpena ezinbestekoa da ziklismoak aurrera egiteko. Horrenbestez, gure ahotsak pisu handiagoa izan beharko lukeela uste dut eta estamentuek modu eraginkorragoan funtzionatu beharko luketelakoan nago.
Egoera horren aurrean zer egin? Geure burua beti arrakala berean trabatzera kondenatu ala determinazio berriren bat hartu? Ez da erabaki erraza. Beharbada heldu da sasoia behetik gorako eskailerako mailak banan-banan barik binaka edo hirunaka igotzeko sasoia. Urteen poderioz konturatu naiz gauzak aldatu nahi badira erabakiguneetan egon behar dela, goian dagoela behekoa aldatzeko giltza. Bestela, oso gatxa da egin behar direla uste dudan aurrerapausoak egitea.
Bizikleta eskolagaz jarraituko dut, umeak eta gazteak hezteak eta trebatzeak asebete egiten nautelako, baina pauso berri bat emateko prestatzen gabiltza. Momentuz ezin dezaket gehiago aurreratu. Baina kontuan hartu ideia hau: betikoa egiten jarraitzen badugu, betiko tokian egingo dugu estropezu.