Zale fidelak

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2025ko ira. 5a, 07:51

Egunotan Euskal Herritik ibili da Espainiako Itzulia eta bide bazterrak jendez gainezka ikustean, txirrindularitzak beste ezein kirolek baino zalego fidelagoa duen pentsamenduan berresten naiz. Tropela ez baita beti etxe ondotik igarotzen. Batzuetan kotxea hartu eta kilometro asko egin beharra dago, bakarrik, lagunekin nahiz familian. Tokira joan, aparkatu, lasterketa ikusteko txokoren bat bilatu… Euria ari badu euritan, eta bero handia badago, bada… apurka egosten. Eta mugimendu hori guztia, momentu labur baterako. Konturatu orduko tropela igaro da zure aurretik eta ezkutatu da hurrengo bihurgunean. 

Ordainetan jasotzen denerako sakrifizio handiegia dela uste baduzu, begiratu zaleen aurpegira tropela joan den une horretan, eta ez dela horrela konturatu zara. Aurpegi alaiak ikusiko dituzu. Hurrengoan ere hantxe izango direla adierazten duten aurpegiak dira. Eta tartean umeak badaude, nekez ahaztuko dute berrehun ziklista ziztu-bizian metro gutxira igarotzen ikusteak eragiten duen zirrara. Eta ikuskizuna oraindino handiagoa da ziklistak mendatean gora bizikletan makur-makur eginda ikustean. Euren sufrimenduaren parekoa da zaleen gozamena. Ni munduko txapelketa askotan egon naiz, eta, nonhai nagoela ere, ikurrinak ikusi ditut beti. 

Futbolak, saskibaloiak eta beste kirol askok ikuskizun luzeagoa eskainiko dute, baina ez hobea, inondik inora. Horietako askotan sarrera ordaindu behar da gainera, baina ziklismoa doako ikuskizuna da. Txirrindularitzak zale fidelak ditu, eurei esker gabiltza gu errepidean, eta errekonozimendua merezi dute. Txirrindularitza maite dugunok harro egoteko moduan gaude dugun afizioarekin. Seguru nago hemendik urte askotara ere horrela izango dela. Bizikletak aldatuko dira, baita lehiatzeko modua eta taktika ere, baina barruan eragiten duen zirrarak hor jarraituko du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!