Joan zen astean emakumeen La Vuelta lehiatu genuen. Urterik urte gero eta maila handiagoa duen lasterketa da. Taldeen eta txirrindularien lana itzela izan zen, ikuskizuna eskaini zuten, baina seguruenik jende askok ez daki lasterketa lehiatu zenik ere. La Vueltako zuzendari Javier Guillenek ere gai hau berbagai izan du: "Lasterketa ikusgarria izan da, baina jarraipen handiagoa behar du", adierazi du, hausnarketarako beharra plazaratuz.
Guk La Vueltan parte hartu dugu. Egun horietan hainbat taldetako jendearekin berba egiteko aukera izan dut. Gu baino baliabide gehiagoko taldeetako kideek babesleak lortzea kosta egiten zaiela esan didate. Eurei kostatzen bazaie, imajinatu guri, talde gazte bat izanik eta gure helburua gazteei profesional bihurtzeko aukerak eskaintzea izanik. Talderik indartsuenek panorama zaila badute, zer esanik ez harrobian oinarritzen direnek.
Datorren martitzenean Durangoko Klasikoan parte hartuko dugu Eneicat eta Abadiño Cycling Academia taldeekin. Goi mailako txirrindulariek parte hartuko dute, eta, betiko moduan, ahalik eta ikuskizunik onena ematen saiatuko gara. Seguru errepide bazterretan batutako zaleen berotasuna sentituko dugula. Berotasun horrek asko esan gura du guretzat.