Bada, hona erantzuna: beharrizan handia dagoelako. Uste dut hamabost eta hamasei urteko gazteak, orokorrean, ez daudela prest profesionaletarako urratsa emateko. Urratsa baino gehiago, jauzia esan beharko nuke, koska handia dagoelako batetik bestera, eta horri aurre egitea ez da erraza. Adin horretako txirrindulari gazteak bigun ikusten ditut eta prestakuntza behar dute. Prestakuntza diodanean, ez nabil alderdi fisikoari buruz. Batez ere arlo psikologikoari buruz nabil. Talde profesional batean nabilen heinean, neure begiekin ikusten dut ondo heltzen direla fisikoki, baina psikologikoki bigunak eta hauskorrak direla. Adibide lez honako hau: talde profesional batean hilabete zeraman neska batek txirrindularitza uztea erabaki du, psikologikoki ez dagoelako prest profesionaletan ibiltzeko.
Horregatik txirrindularitza akademiaren garrantzia. Gazteak mentalki indartzea, horixe dugu helburu. Txirrindularitza profesionaleko exijentziak nortasun sendoko ziklistak eskatzen ditu, arazoaren aurrean amildu beharrean hazi egiten direnak, eta hori ez da egun batetik bestera lortzen. Pazientziaz eraiki beharreko zerbait da. Beraz, hasieran esan dudan moduan, beharrizan handia dagoelako jarraitzen dut. Txirrindularitza pedalkadak ematea baino askoz gehiago da, ofizio honek maila askotako eskakizun asko ditu eta gazteek esperientzia dugunon laguntza behar dute.