Hezkuntza, umetatik

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2024ko aza. 22a, 08:00

Txirrindularitza denboraldia hasteko hilabete batzuk falta dira oraindino, baina horrek ez du esan gura zereginik ez dagoenik. Are gehiago, esango nuke urrian eta azaroan behar-beharrezkoa den lan batean murgilduta gaudela. Makina bat bider azpimarratu dut errepidean errespetuz ibiltzeko umetatik jasotzen den hezkuntzak duen garrantzia, eta horrexetan gabiltza. Eskolarik eskola bide segurtasunari buruzko klase teoriko nahiz praktikoak ematen ditugu umeekin. Lerro hauek, hain zuzen, horrelako jardunaldi  bat amaitu bezain pronto idatzitakoak dira eta pare bat hausnarketa plazaratu gura nituzke.

Normalean umeek badakite alde teorikoa: semaforoetan noiz geratu, seinaleen esangura… Baina, gero, galdetzen diet: "Gurasoek inoz pasatu dute semaforoa gorrian?"; eta erantzunetan komeni baino "bai" gehiago entzuten dut. Eta batzuetan honakoa ere aditzen dut: "Baina denek egiten dute". Horrelako erantzunek gurasoek bide segurtasunaren hezkuntzan duten erantzukizunean pentsatzera naramate. 'Etxean ikusia, umeak ikasia' esaera zaharra gogoan izan behar genuke beti. Etxean hasten da hezkuntza eta kontuan izan behar genuke autoa hartzen dugun bakoitzean. Alferrik ibiliko gara eskolarik eskola hau eta bestea irakasten, gero etxean bestelako jokabideak ikusten badituzte. 

Bestelakoan, klaseak dibertigarriak izaten dira, ginkana eta guzti. Bidegorrietan zelan ibili behar den irakastea izaten da klaseetako alderdi bat. Inoiz, txikienei, bizikletan ibiltzen ere irakasten diegu. Umeek oso ondo pasatzen dute, eta, bide batez, bide segurtasunari buruzko nozio batzuk ikasten dituzte. Eta onartu behar dut nik neuk ere oso ondo pasatzen dudala eta atsegin handiz egiten dudan zeregina dela. Azkenean, inbertsio bat, umeek orain ikasitakoa gogoan izango dutelako handitzen direnean, eta denok eskertuko dugun zerbait izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!