Apatako Saria

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2024ko ira. 6a, 08:36

Zelan aldatu diren kontuak. Umea nintzenean, herri guztietako jaietan txirrindulari lasterketa bat egoten zen. Jaietako ohiko osagaia ziren eta giro polita sortzen zen euren inguruan. Lasterketaren ostean, beti herrian geratzen ginen bazkaltzen. Bazkalostean ere ez zen faltako musikarik eta dantzarik. Azkenean, txirrindularitza familian egunpasa eder bat egiteko aitzakia zen. Oso oroitzapen politak ditut, bai. 

Baina gaur egun asko aldatu da panorama. Lasterketak gutxitu egin dira… gehienbat gazteenak. Orain ikusten diren proba denak profesionalenak dira, eta hori ondo dago, umeek euren ametsetako idoloak ondo-ondoan ikusteko aukera izaten dutelako. Ez delako berdina txirrindulari onenak telebista bidez ikustea edo metro gutxira daudela sentitzea. 

Baina hori ez da nahikoa. Oinarrizko ziklismoa gehiago landu beharra dago. Zenbakiei erreparatzeak pena ematen du, baina azalera atera behar dira, errealitatea ezagutu behar dugulako, gero erremedioak bilatzeko. Udako lasterketetan, 50-60 txirrindulari aritzen dira mutiletan asko jota; beraz, imajinatu zelakoa den kopurua emakumeetan.

Horregaitik, orain dela pare bat hilabete esan zidatenean emakumeetan ez zegoela Euskadiko Txapelketa antolatzeko inor, jo eta ke hasi nintzen lanean, txapelketa hau bertan behera geratu ez zedin. Ni neu hainbat aldiz irabazitakoa naiz Euskadiko txapelketa, eta ilusioa egiten zidan. Nire etxe inguruko udalekin hitz egin, eta azkenean, Atxondon egin genuen. Oso pozik hartu zuten proposamena eta aurrera egiteko aukera eskaini ziguten. Urte asko dira Atxondon lasterketarik egin ez dela. Denengaitik antolatu genuen, neska txirrindulariengaitik, harrobiagaitik, eta baita txirrindularitza maite dugunok bultzada bat eman beharrean gaudelako ere. Oso esker oneko gaude Atxondoko Udalarekin, eta baita lasterketa behar den moduan irteteko lan eskerga egin zuten boluntario guztiekin ere. Euren lan gogorrak meritu handia du. 

Jarraipena ematea da gure asmoa. Datorren urterako ideia politak bururatu zaizkigu eta oinarrizko txirrindularitza lantzen jarraituko dugu. Eta, noski, emakumezkoena batik bat!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!