Badago emakumeetan nagusitasun maila berdina erakusten ari den txirrindulari bat: Demi Vollering. Pogacarrekin alderatuta, zenbat hitz egin da Herbehereetako txirrindulari bikain honi buruz? Askoz gutxiago. Vuelta, Itzulia, Burgosko Itzulia… Lasterketa horietan eta beste batzuetan sekulako erakustaldiak eman ditu, baina publikoki jaso duen errekonozimendua askoz ere xumeagoa izan da. Bere lorpenek ez dute merezi duten moduko goraipamenik eduki.
Horrek pena handia ematen dit, badakidalako halako mailara heltzeko zelako lana dagoen atzetik. 2024. urtean gaude eta agintari guztiei ahoa berotzen zaie, emakumeei lagundu behar zaiela esaten eta kirolean berdintasuna dagoela adieraziz. Berdintasun hori non ikusten duten galdetuko nieke. Jakina egoera hobetu dela azken urteetan, baina berdintasuna lortzetik oso urrun gaude oraindik. Horixe da gaur egun dugun errealitatea eta horrekin lan egin behar dugu.
Beraz, irrati, telebista, egunkari edo dena delako hedabide batean emakumeen txirrindularitzari —edo emakumeen beste kirol bati— buruzko lorpenen bat ikusten dugunean, saia gaitezen gu geu, herritarrok, horri garrantzia ematen, nesken kirolari merezi duen oihartzuna ematen. Kirol lorpenak eta erakustaldiak etorriko dira etorkizunean ere. Eman diezaiegun lehentasuna eta zabalkundea.