Martxoak 8

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2024ko mar. 8a, 08:30

Alaba Carlottak lehengoan esan zidan moduan: "Badator bai, egun morea". Martxoak 8 dugu gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Ez da beste egun bat gehiago, egutegian egun seinalatua da niretzat eta gu guztiontzat. Hedabideetan egun honi lotutako bateko eta besteko albisteak irakurri eta ikusiko ditugu. Hedabideak Martxoaren 8ko aldarrikapenak zabaltzeko erreminta garrantzitsua dira, baina uste dut lan hori egunerokoa izan beharko litzatekeela, urteko egun guztietakoa.

Gaur mundu guztia gogoratzen da Emakumeen Nazioarteko Egunaz eta egun honen atzean dauden aldarrikapenen inplikazioez, baina mundu honetan hainbeste urte daroagunok badakigu helburuak lortzetik oso urrun gaudela oraindik. Bost urte daramatzat nesken taldeekin eta harrobiarekin lanean eta diodana lehenengo pertsonan pairatu eta sentitu ahal izan dut. Urte hauetan hainbat ate jo ditut diru laguntza bila, umeentzako eta emakumezko txirrindularitzarako laguntza eske, eta ni txirrindulari izan nintzen sasoian baino hobeto gaudela uste dudan arren, oraindik interes gutxi sortzen du emakumeen kirolak.

Eta ez da txirrindularitzara mugatzen den zerbait, kirol guztietara zabaltzen dela esango nuke. Emakumeetan munduko futbol jokalari onenek kobratzen dituzten soldata txikiei erreparatu besterik ez dago kirol askori eragiten dion arazoa dela jabetzeko. 

Egiturazko arazoa dela uste dut eta denon artean aurre egin behar diogu. Egunero-egunero egin beharreko lana da, apurka-apurka berdintasunera bidean joateko. Eta arlo askotako ahaleginak izan behar du. Komunikabideek emakumeen kirolari buruz informatzeak bezain besteko garrantzia du politikarien diru laguntzak oinarrira heltzeak, behera heltzeak, beti erdibidean geratzen dira eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!