Agur Bizkaia, ongi etorri Eneicat

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2023ko abe. 15a, 08:38

Eguazten honetan irakurri genuen hedabideetan Bizkaia-Durango txirrindularitza taldea desagertu egiten dela hainbat urteren ondoren. Nesken txirrindularitzan benetan momentu zailak bizitzen ari gara, indarrean sartu den lege berriaren harira profesionaltasuna heltzen ari baita gure txirrindularitzara. 

Baina harrotasunez esan dezaket, legedi hau orain dela bi urtetik genuela jada ezarrita, eta, nahiz eta bertan jasotzen diren baldintzak bortitzak izan, txirrindularitza benetan profesionalizatzen hasi den sintoma ere bada. Lege berri guztiekin bezala, bertara egokitu behar duzu; edo eguneratzen zara edo bertan behera geratzen zara. Horixe izan da gure lana, gure lan gogorra, baldintza horiek betetzera heltzea, eta egitea lortu dugu.  

Beraz, neska txirrindulariak, jarrai dezagun lanean, Abadiñon Eneicat Akademia daukagulako eta bertan orain dela bost urtetik hona lanean gogor gabiltzalako. Nik garai batean Italian izan nuen aukera hementxe izango dugu, etxe ondoan. Harrotasunez eta poztasunez gabiltza, Abadiñoko Udalaren laguntzarekin, eta, jakina, eskuak zabalik ditugu Durangoko Udalaren, Iurretakoaren edo Mankomunikatearen laguntza jasotzeko, zeren eta nire akademian bertako txirrindulariekin lan egingo dugu, eta etxekoak zaindu eta hazteko prest nago. 

Horiek horrela, jarrai dezagun lanean diziplinarekin eta indar guztiarekin, gure asmoetara heltzeko. Goazen, neskak!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!