Egia esanda, neuri ere batzuetan ahaztu egiten zait: lana edo umea dela, eskolaz kanpoko ekintzak direla, lasterketak… Ziztu bizian bizi gara, horrela dugu antolatua gure bizimodua eta konturatu orduko kexaka hasiko gara sei ordutan bideak itxita egongo direlako eta une horietan ezingo dugulako gure bizimodu estresatua egin.
Horregatik gogorarazi nahi dizuet gutxi falta dela hitzordu horretarako, eta etorriko dena handia izango dela. Imajinatu zer handia den, hori gogorarazteko Matiena Herri eskolarekin eta Zelaietako eskolarekin batera Tourraren gaineko ekintza ludikoak egingo ditugula Abadiñon ekainaren 19an. Bertan, bizikleta ardatz hartuta, ondo pasatzeko eta txirrindularitzaren sekretuak ezagutzeko aukera emango dugu. Marea horia ala berdea sortuko ote dogu? Nahi duzuen guztiok etorri ahalko zarete bertako ikuskizunaz gozatzera. Hori bai, mesedez bizikleta, kaskoa eta jolasteko eta ondo pasatzeko gogo itzela ekarri, oso egun interesgarria eta desberdina izango da eta. Guk, gure aldetik, ahalegin guztia egingo dugu denok elkarrekin egun atsegin bat igaro dezagun. Betiko lez, kirola balioekin uztartzen saiatuko gara eta horretara bideratuko ditugu gure ahaleginak. Txertatu diezazkiegun kirolaren inguruko balioak umeei, nagusitan adeitsuak izan daitezen.