Erronka berriak

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2023ko mar. 24a, 08:30

Beti esan izan dut tren bat zure aurretik pasatzen denean tren hori hartu behar dela. Bai, horrelakoxea naiz ni, barrura salto egiteko joera dut. 

Makina bat kontu ditut buruan: Tourra dela eta ez dela, gizonen eta emakumeen partaidetza kirolean parekatua izan behar dela eta horren alde lan egin behar dela, beste hainbat proposamen buruan bueltaka, eta beste asko etorriko direnak. Bada, azkenean ezin leku guztietara heldu! Hau komeria! Batzuetan pentsatzen hasi eta ez dakit nondik ateratzen dudan indarra. Honi eta hari aurpegian irribarre bat erakutsi, atsegina izaten saiatu eta aurrerantz egiten dut beti, zeregin guztiak lepo gainean hartuta. Bada, erronkei buruz nabilenez hona proposatutako bat: iaz, ETBra joateko deitu zidaten, Itzulia komentatzera, baina justu Leonen lasterketa nazionala lehiatzen genuen eta ezin izan nintzen hemen egon. Baina aurten berriro ere deitu didatenean, poz–pozik erantzun nien baietz, egingo nuela komentarista lana. Hamar egun barru Ferminen eta Abraham Olanoren ondoan egongo naiz ETBn, Euskal Herriko Itzuli guztian. Baina orain, eguna hurreratzen dabilen heinean, antza barruan gordeta nituen kezkak eta beldurrak kanporatzen hasi zaizkit: izango ote naiz berba ondo egiteko kapaz, txirrindularien lana eta lasterketaren nondik norakoak itxuraz aztertuko ote ditut… eta hori guztia gutxi balitz, gizonezko txirrindularitzaren gainean berbetan ibiliko naiz, nire eguneroko esparrua emakumeen txirrindularitza denean. Eroriz ikasten omen da oinez, eta lasterketa guztiak ikusten nabil, dena ondo prestatzeko eta zuei, ikusten ari zaretenoi, hutsik ez egiteko. Bakarrik esan nahi dizuet dena emango dudala nire lana ahalik eta ondoen egiteko eta espero dudala kontu eta anekdota bat baino gehiagorekin ondo pasatzea denok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!