Emakumeok injustizia asko bizi izan ditugu kirolean. Orain lasai hitz egin dezaket eurei buruz eta, gainera, egoera hobetzeko eta emakumeen kirola bultzatzeko borroka egin dezaket. Horretarako, erremangatu eta buru-belarri lanean ari naiz, eskoletatik eta udaletatik txirrindularitzari lotutako promozioak eginez; gure umeek kirola egiteko eta ondo pasatzeko aukera izan dezaten, eta handi egiten direnean profesional mailara iristeko aukera izan dezaten hemen, etxean bertan. Oso gustura nabil, nahiz eta orduak eta orduak pasatu ordenadorearen aurrean eta askotariko bulegoetan kirol hau defendatzen. Gainera, ekitaldietan ume asko egoteak oraindik indar gehiago ematen dit nire borrokan jarraitzeko.
Txirrindularia izatea erabaki nuenean, banekien horren ondorioak zeintzuk ziren, eta orain ere horretan datza niretzat: batez ere, emakumeari rol handiagoa ematea txirrindularitzaren munduan, eta gure umeek ikus dezatela, bihotzean badaramate, lanaren bidez helduko direla helburuak eta ilusioak, lehenago edo geroago. Proiektu hau hasi berria da, eta urtero ekintza berriak eta kategoria berriak sortuko ditugu. Bizitzarako ere balore politak eta zuzenak lantzea ere badelako akademia honen helburua. Beraz, beti aurrera begira, eta hemendik 4-5 urtera berriro hitz egingo dugu ondorioak ateratzeko.