Hori da gure kirol honen gogortasun printzipaletakoa: klimatologia. Berrizko lasterketako momentu batean oso haize bolada gogorrak ibili ziren, eta denok sufritu genuen Txiki Kopan gure umeek haizearen kontra aritzeko zituzten komeriak ikusita. Baina, aldi berean, horrek egiten gaitu handi. Gainera, horrelako egunetan, bizitzarako preparatzen hasten dira gure txikitxoak.
Gure txikiek kirola egin ahal izan zuten, batzuk pozago aritu ziren eta beste batzuei gehiago kostatu zitzaien. Kasu horietan, gurasoak oso garrantzitsuak dira, umeei adierazteko kirolaren bidez hainbat balio lantzen direla, irabazteaz edo galtzeaz haratago. Mesedez, ibili gaitezen kontuz horrelako kasuetan, gauza asko entzun nituen eta.
Baina bai niri eta bai nire alaba Carlottari gehien gustatu zitzaiguna izan zen han bizitako giroa: familian egotea, lagun taldeak osatzea, baita gurasoen artean ere, eta jakina, giro horri loturiko jan-edana eta antzerakoak. Horrelako egunekin, gure txikiak balioetan busten eta hezten ari dira, eurek konturatu ere egin barik. Asteburu honetan Zornotzako ziklo-krosaren txanda izango da. Oraingoan, Furgonetan joango gara 'Manolito'-rekin, eta Maria Luisaren patata tortillak izango ditu gosea baretzeko. Egun-pasa eder bat izango da. Irakurleok, anima zaitezte zuek ere!