Berrizko belodromoa

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2022ko ira. 30a, 09:28

Badator negua, eta horrekin batera euria, hotza… lokatza. Txirrindulariek maillota aldatzen dute, licratik neoprenora, eta horrela hasten dira neguko denboraldia prestatzen. Ildo horretatik, denboradatxo bat daramat buruari bueltak ematen. Izan ere, ziklokrosetik edo MTBetik aparte, pistako lasterketak ere badauzkagu gurean. Eta horri buruz hitz egitea gustatuko litzaidake. 

Gaztetxoa nintzenean, Traña-Matienako eskolatik Berrizko belodromora eramaten gintuzten barikuetan. Guk jolas baten moduan hartzen genuen. Pistako taldeko arduradunak, berriz, adi izaten genituen, euren taldera batzeko neska-mutikoren bat ikusten bazuten. 

Orduan niri ez zidan grazia handirik egin pistak, oso kirol estatikoa iruditu zitzaidan, baina urteak joan ahala, gehiago gustatu zitzaidan eta bertako familia ezagutu nuen. Handik etorri dira Ziortza Isasi, Illart Zuazubiskar, Unai Elorriaga, Martzel Elorriaga, Iban Leanizbarrutia… Belodromo batean zaildu dira, itzuliak eta itzuliak ematen, denboraldia hasteko prest egon arte… Nahiz eta beti kanpoko pista batera joan behar, zeren eta Berrizko beldromoa ez dago estalita. Azken urteotan, bai Federazioa bai Mankomunitatea lanean dabiltza belodromoa estaltzeko. Bizkaian ez daukagu estalitako belodromorik eta ume asko dauzkagu. Belodromoa aproposa da bizikletari beldurra kentzeko, praktikatzeko… Eta begira, baita, zelako belaunaldi oparoa daukagun gaur egun eta zenbat domina irabazten ari diren Espainiako, Europako eta munduko txapelketetan. 

Beraz, eskolek, federazioak eta taldeok lan gehiago egin beharko genuke umeek belodromoa eta pista ezagutu ditzaten. Eta, nola ez, egitasmoa aurrera eramanez gero, imajinatu zenbat txapelketa egingo ziren Berrizen, Euskadi eta baita Espainia mailakoak ere. Eta imajinatu zenbat jende erakarriko lukeen, asko umeak. Eta umeak dauden tokian etorkizuna dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!