Hamarkada honetan, nire bizitza guztiz aldatu da. Bai pentsatzeko moduan, bai fisiko mailan eta baita zimur kantitatean ere! Orduan, argi neukan nire kirol profesionala amaitu gura nuela, mentalki ezin nuelako gehiago: presioagatik, alderdi fisikoagatik eta baita injustizia asko bizi izan nituelako ere. Nahiko nazkatuta amaitu nuen arlo horrekin, nahiz eta bizitzako balore asko erakusteko eta mentalki indartsuago egiteko balio izan zidan. Begira, gaur, goizero moduan, irakurketa edo bideo hezitzaileak entzuten ibili naiz, eta bertan zera esan dute: 'Porrota arrakastarako bidean dago'. Porrota nahitaez pasatu behar den zerbait da, gora heltzeko. Eta bide horretan nago oraintxe bertan, nire bizimodua berbideratzen, txirrindularitzan nik pasa izan nituen injustiziei aurre egiteko eta besteek injustizia horiek igaro ez ditzaten lanean, eta baita umeei bizikletaren bidez balore garrantzitsuak erakusten ere. Zeren eta ona den lider batek taldeko kide bakoitzak duen onena ateratzen jakin behar du. Beraz, nire ustez, besteei laguntzean, besteei on egitean, orduan heltzen zara benetako lidertzara, benetako lider izatera.
Hamar urte hauetan, jende asko pasatu da nire eskuetatik eta aurrerantzean ere pasatuko dira, eta nik nire filosofia oso argi daukat. Baina gauzatxo bat argi utzi nahi dut. Utzi errua besteei botatzeari eta barrura begiratu, zer daukagun eta zer garen. Egunero gure barruan egindako aldaketa txikiekin ikusiko dugu zelan berreskuratzen dugun apurka gure nortasuna, eta, konstantzia bidelagun dugula, zelan helduko garen nahi dugun helmugara. Gure eskuetan daukagu mundua.