Egin dezatela amets

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2022ko api. 29a, 09:00

Txikia nintzenean, etxean bizikletari buruz berba egiten egoten ginen beti. Aitak eta osabak kontatutako istorioak nire buruan imajinatzen nituen eta haiekin amets egiten nuen. Harrezkero, joan dira urte batzuk baina ordukoa errepikatzen ari da orain. Gaur egun, gure etxean berdina pasatzen da. Aitaren paperean neu aritzen naiz eta alabak adi entzuten ditu nik esandakoak. Eta, jakina, entzundakoak entzunda, 5 urterekin, bizikletari ekiten dio. 

Egoera horrek animatuta, Abadiñon umeekin txirrindulari elkartea sortu dugu eta umeekin bizikletarekin jolasten eta ibiltzen hasi gara. Hain harrera ona eduki du taldeak, ekimen asko gauzatu ditugula eta bizikletaren bidez talde izaera, berdintasuna eta beste hainbat balio lantzeko aukera izan dugu familia giroan. Umeak pozik ibiltzen dira eta ni asebete egiten nau hori ikusteak. Eta izaten da momentu bat ilusio berezia egiten diena, zoriontsuen uzten dituena, eta momentu hori da ekimenetan talde nagusiko neska profesionalak agertzen direnekoa. Eta, une batez, ni neu ere ume txiki sentitzen naiz, eta telebistan txirrindulari profesionalak ikusteak eragiten zidan zirrara gogoratzen dut; euren azalean jartzen nintzen, errepidean imajinatzen nuen neure burua, eta kirolari garrantzitsu sentitzen nintzen. Zirrara huraxe bera ikusten dut gaur egungo umeengan. Gainera, Ukrainako eta Errusiako neskak etxean hartzen ditugunean, eurei ere poztasun handia nabaritzen zaie. Euren sorterrietako gerra apur bat ahazteko balio die.

Maiatzean Itzulia Women lasterketa lehiatuko da eta gure talde profesionala gonbidatuta dagoenez, euskal zale guztiek ikusi ahalko gaituzte bide ertzetik, World Tourreko taldeekin konpetitzen. Munduko txirrindularirik onenak euskal errepideetan ibiliko dira euren onena ematen. Gainera, Itzuliko etapa bat Durangaldean amaituko da, Mallabian. Beraz, txirrindulari izan nahi duenak badauka non egon eta zerekin amestu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!