Ez da erraza hainbeste kontutan murgilduta egotea, baina ekimenak antolatzen jarraitzeko asmoa dut eta dagoeneko badut beste ekimen bat labean, nahiz eta oraingoz ezin dudan horri buruzko pista gehiagorik eman. Baina laster izango duzue horren gaineko informazio gehiago!
Aitortu behar dut bizipoza ematen didatela bizitzen ari naizen esperientzia hauek guztiek. Eta bene-benetan desio dut, pandemiak ekarri duen guztiarekin, mundu guztiak bizitzeko eta aurrera egiteko gogoa izatea.
Kirolak dituen balioak eta indargune guztiak sustatzea da nik hurrengo belaunaldiei utzi nahi diedan ondarea. Aspaldion umeekin bizikletarako zaletasuna sustatzen nabilen heinean, konturatu naiz momentu guzti-guztiak aberasgarriak direla eta denetan atera daitezkeela ikasgaiak. Sarritan ahaztu egiten zaigu unean-unekoarekin gozatzea, iraganeko edo etorkizuneko kontuetan dugulako burua.
Beraz, hasieran azaldu dudanera itzulita eta jendeak egiten didan galderari erantzunez, egiten dudan guztia topera bizitzen saiatzen naiz, segundo bakoitza baloratzen eta merezi duen garrantzia ematen. Horixe da lehenengo pausoa, orainaldia baita beti bizi dugun momentua.