Abadiñoko ginkana bizikletan

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2021ko abe. 10a, 08:00

Pentsatu eta egin. Bai, horixe da nire leloa bizitzan, eta baita nire taldearena ere. Emakumeen txirrindularitza profesionalean hirugarren denboraldia bete eta gero, gure taldea, Eneicat, munduko 21 talderik onenen artean dago. Datu hauen atzean lan eta istorio asko daude. Ez baita erraza talde bat aurrera ateratzea. Neska gazteek, sarritan, ez dute txirrindularitzan aritu nahi edo ez dute ziklismo profesionalak eskatzen duen sakrifizioan murgildu gura.

Horrela, pandemian, familia askok bizikleta hartu eta kirola elkarrekin egitea erabaki zuela ohartuta, Abadiñon umeei begirako bizikleta eskola bat sortzea pentsatu nuen, eta, harrezkero, ume guztiei bizikletan ibiltzeko aukera emateko, ginkanak antolatu ditugu, hilero. Abadiñon hasi ginen, baina beste herri askok ere interesa erakutsi dute. Azken batean, bizikleta gaineko ariketekin eta jolasekin asko dibertitzen dira umeak. Gainera, emakumezko txirrindulari profesionalek edo profesional izandakoek gidatzen dituzte beti ginkana hauek.

Ezin gara kexatu. Ginkanen orain arteko erantzuna oso ona izaten ari da eta pozik gaude. Eta erantzun honen aurrean, Gabonetarako jolas eta ekimen gehiago prestatzen ari gara. Lau-bost urtetik 12 urtera arteko umeei bideratutako ekimenak izango dira.

Ginkanak antolatzea pozgarria da, baina beste erronka bat ere badugu aurretik. Gatxena umeei eustea da, hurrengo egunean ere bizikleta hartu dezatela lortzea. Ez dadila egunpasa soil bat izan, baizik txirrindularitzarako zaletasuna piztuko dien ekimen bat.

2022-2023 denboraldirako oso albiste onak ekarriko ditut txirrindularitza eskolen gainean. Bien bitartean, buru-belarri lan egitea dagokigu. Amaitu aurretik, Abadiñoko Udalari eskerrak eman gura dizkiot, euren laguntza dugulako proiektu guztiak bideratzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!