Flandesen lehiatutako munduko txapelketatik bueltan, Valentzian dago jadanik. Pistako Europako txapelketaren ateetan dago, laster dator hitzordu garrantzitsu hori ere. Denboraldi hasiera gogorra izan zuen pandemiak dena hankaz gora jarri zuelako, baina Isasik ez zuen etsi. Egoera edozein dela ere, lanean jarraitu izan du buru-belarri. Lan hori nabarmendu nahi dut. Gutxik ikusten duten eta kanpora begira inolako oihartzunik ez duen lan nekagarria da, sarritan ilunpean kilometroak egiten eta inoiz negar anpuluak masailetatik behera. Baina, eguna joan eta eguna etorri, errepidera irten du eta beti izan du irribarre bat bere ingurukoentzat.
Azken aspaldian, bere burugogorkeria bikain hori eta zortzi hilabeteko konstantzia eredugarriak izan dira, lorpenen oinarria: errepideko Europako txapelketan parte hartu du lehenengo, eta mundukoan horren ondoren. Hemendik aurrera zer? Hortxe dago orain kontua. Seguruenik albiste onak izango dira han eta hemen, horretarako lanean ari gara eta.
Beste albiste on bat da Eneicat txirrindularitza taldea Abadiñon kokatzen ari garela eta neska-mutikoei begirako umeen eskola sortuko dugula. Gaztetxoen artean txirrindularitza sustatzea da gure helburua. Ni neu bertan ibiliko naiz, eta, nola ez, gure Ziortzak ere bere esperientzia eskainiko digu. Beraz, guraso guztioi dei bat egiten dizuet, 6tik 14 urtera arteko umeak badituzue, eta txirrindularitza gustatzen bazaizue, etorri beldur barik. Gure leloa hau da eta: hasi bizikletan gozatzen eta ikasi gure baloreak.