Txirrindularitzan handitasuna zaintzea eta zale ez direnei produktua saltzea denon erantzukizuna da; txirrindulari, antolatzaile eta abarrena, baina baita errepide ondoan batzen diren zaleena ere. Ohikoa den moduan, aurten ere makina bat zale batu da bide bazterretan ziklistak animatzen. Txirrindularitza bihotzean daramaten zaleek ez dute hutsik egin aurten ere. Baina ikusi ditugu egoismoa gailendu zaien eta euren ikuskizun propioa sortu dutenak ere, txirrindulariei oztopoak ezarriz.
Horrez gainera, telebista bidez ikusitako etapetan, maskara gutxi ikusi dut aurpegietan eta kontu serioa iruditzen zait. Osasun krisia ez da amaitu eta denon partetik ipini behar ditugu bitartekoak horri aurre egiteko. Den-denon erantzukizuna da, gutako bakoitzarena. Txirrindulariok test asko pasatu behar ditugu lasterketak lehiatu ahal izateko. Baina ez hori bakarrik, egoera honek beste modu batzuetan ere eragiten digu: bakarrik entrenatu behar izaten dugu eta bizimodu bakarti bat jarraitu behar dugu, COVID-ik ez hartzeko.
Beraz, errepide ondoan zaudeten guztioi errespetuz eta erantzukizunez jokatzeko eskatu nahi dizuet, txirrindulariek euren lana ahalik eta ondoen egin dezaten eta zaleek ikuskizunaz lasaitasun osoz gozatu dezaten. Batak bestea barik ezin gara bizi eta elkarri lagundu behar diogu maite dugun kirol honen mesedetan.