Kirola eta emakumea

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2021ko eka. 11a, 08:29

Atzera begira jarriko naiz gaurkoan. Izan ere, orain dela 25 urteko bideo bat bidali zidaten atzo eta zerbait eragin zidan nire barruan. Bideo horretan Cafés Baqué familia handiaren txirrindularitza taldeko denboraldiko aurkezpena ikusten zen, eta ni hantxe agertzen naiz. 1995. urtea zen eta orduan hasi nintzen nire lehenengo pedalkadak ematen. Bost neska eta ia 60 mutil genbiltzan. Argazki horri begira-begira geratu naiz eta pentsarazi egin dit.

Orain dela 25 urte oso neska gutxik nahi genuen kirol hori egin. Nik zainetan neraman, familiatik datorkit, baina txirrindularitzaren mundu hori mutilena zen. Hala eta guzti ere, bi gurpilak bihotzean neramatzan, eta entrenamenduak egin ahala eta oso momentu onak bizi ahala, txirrindularitzan neskak ere aritu ahal zirela barneratzen joan nintzen apurka.

Ahalegin handia, entrenamendu gogorrak eta izerdi latzak ekarri zizkidan txirrindularitzak, denen kontra borrokatzeko. Hala ere, inoiz ere ez zait ilusiorik falta izan eta gogor jarraitzen nuen lanean, frogatu arte neskak bizikletan ibili gintezkeela eta etorkizun bat izan genezakeela bizikleta gainean.

Ostera, gaur egun, konturatzen naiz, talde batean, neskek garrantzi gehiago dutela mutilek baino, nahiz eta hori ez den kontratuetan islatzen. Baina atzo bizikletan nindoala ere, pentsatzen nuen, zenbat emakume ote dabiltzan orain kirol honetan. Lehen, familia bakarrik zen, eta gaur egun, familia, kirola eta lana dira. Emakumeok apurka-apurka hartu dugun indar eta ahalduntze horrek kirolean desfogatzera eta norberarekin ondo sentitzera garamatza.

Gero eta neska gehiago ikusten dut bizikleta gainean. Haiei moduan, niri ere kirol honek ematen didan askatasuna asebetegarria da.

Pandemiak ere lagundu digu ikusarazten zein garrantzitsua den sentimendu hori izatea, eta hemendik animatzen zaituztet denbora antolatzera eta kirolak ematen duen bizipoza sentitzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!