Pandemia zoro honen bueltan, zaleei irribarrea marraztu zaie ezpainetan, dibertitu egin dira eta, zelanbait esanda, berpiztu egin zaie kirol eder honekiko konexioa. Protagonisten eta zaleen artean sortu den erlazio honek sentsazio eta aho zapore gozo bat utzi digu eta txirrindularitzarekin amesten hasi gara berriro.
Euskal txirrindulariek ere bertan jarri dituzte euren izen-abizenak, beste ziklista haundi askoren aurretik. Hori ere pozteko da.
Horrekin batera, azpimarratu nahi nuke guzti-guztien jarrera segurtasun neurriei dagokienez: errespetua nagusitu da, distantziak mantendu dira eta musukoak jantzita zituzten. Irudi hori eman izana oso garrantzitsua da lasterketaren etorkizunari begira, berriz gure bideetara etorri dadin eta hitzordu handi honi eutsi deizaiogun.
Azken hausnarketa moduan, gure euskal lasterketak aipatu gura ditut. Izan ere, bai, Bilbok Tourra ekarri digu. Baina, non dago Emakumeen Bira? Non daude gaztetxoen lasterketak? Ez ahaztu kirolariak behetik hasita egiten direla, eta behekoei ere lagundu egin behar zaiela, gora heldu daitezen. Harrobirik gabe ez dago aurrera egiterik. Gure gazteak txirrindularitzan hezten jarraitu behar dugu eta lehiatzeko aukerak eskaini behar dizkiegu. Ildo horretatik, hausnartzeko momentua dela deritzot eta gauzak ikuspegiarekin aztertu behar ditugu. Gazte mailako lasterketei eta emakumeenei gehiago lagundu behar zaie, babes handiagoa behar dute eta lasterketa gehiago behar dituzte.
Hortxe dago etorkizuneko arrakastaren gakoa. Ez ahaztu inoiz.