Baina gaur ez naiz geratuko honek ekarri dizkigun gauza txar guztiak aztertzera, horretarako nahikoa daukagu telebistarekin eta egunkariekin.
Mundua gelditu denez, horrek gizakiaren bizimodua aldatzera behartu gaitu. Bizimodu frenetiko batean bizi ginen aurretik, ezerekin ez geunden kontentu, denpora atera gabe bizi ginen eta geneukana baino gehiago eduki guran beti. Eta orain hori bukatu da, antzinako bizimodua edukitzera eraman gaitu berriro. Baserrian bizi garenok, hainbeste kritika hartu eta gero, “caseritak” garelakoan, orain oso ondo bizi izan gara lasai-lasai gure etxe eta mendi ondoetan, haize freskoa hartzen. Familiaren indarra berreskuratu da eta, batez ere, jende asko kirola egiten hasi da. Bai, hori da, kirola!
Etxean hainbeste ordu pasatzea, geldi egotea… Horrek kirola egitera eraman du jende asko. Eta badakizue zelako ondo datorkion gure gorputzari, sendotu egiten duelako, immunitatea gehitzen duelako eta, gainera, barruan pilatuta dugun nerbio guztia bertan bota genezakeelako. Eta gurasoak kirola egiten gabiltzan honetan, zer esan genezake umeei buruz? Bada, berdina!
Era berri honetan, konturatu gara osasuna inportantea dela, eta kirolarekin eta familiarekin indarra hartuz aurrera irtengo gara. Gainera, azkenean umeen kirola garrantzitsua dela ikusi dute eta bagabiltza eurekin lanean. Bai noski, profesional mailan, bagabiltza, normalean bezala. Baina era berri honetan, balio berriak berreskuratu ditugu eta, seguraski, hobeto bizi izango gara, ez dut dudarik.
Mundu guztiari animoak bidaltzen dizkiot, denon artean gaindituko dugu birus hau eta!