Munduarekin batera, kirol mundua ere astindu du birusak. Geldirik egon gara. Baina geldirik egon garen garai horretan, geure begiekin ikusi eta geure gorputzekin sentitu ahal izan dugu zein garrantzitsua eta onuragarria den kirola gure bizimoduan; bai arlo fisikoan eta baita psikologikoan ere. Askok kirolaren garrantzia gehiago baloratzen ikasi dutela uste dut. Kendu dietenean ohartu dira falta zitzaienaren inportantziaz. Konturatu dira ez dela denborapasarako zerbait bakarrik, baizik osasunari ere eragiten diola eta izerdi apur bat aterata aldarteak ere hobera egin dezakeela eta bizitzari aurre egiteko pilak kargatzea ekarri dezakeela.
Txirrindularitzara etorrita, harro esan dezaket egoera honek emakumeen eta gizonen txirrindularitza profesionalak parekatzea ekarri duela, behintzat lasterketa kopuruari dagokionez. Momentu zail hauetan ez diote generoari erreparatu eta batzuek zein besteek kirolari prfesionalak direla lehenetsi dute eta arlo horretatik pozik gaude. Segurtasuna zainduz —astero izan ditugu PCR probak— gure kirolak aurrera egin du eta momentuz ez dugu arazorik izan. Bestelako albisteak izan ditugu inguruotan, kirol nagusia den futbolean. Ez dituzte gauzak hain ondo egin, nire ustez. Hor ikusten da kirol batean eta bestean egindako lana.
Emakumeen txirrindularitzaz harro sentitzen naiz eta haren alde lan egiten jarraituko dut, euren ondoan egongo naiz, emakumeek kirol hau geroago eta duinago egiten jarraitu dezaten.